Elkarrizta pedagoga batekin... (Marian Bilbao)
1. Ariketak azaltzerako orduan berdin jokatu behar ahal dugu?
Ikasleen eta beraien desgaitasunaren arabera izango da. Arreta mantentzeko eta ematen zaien informazioa jasotzeko, zailtasunak izanez gero, era egokitu eta laburtuan ematea komeniko litzateke, horrek ulermena erraztuko bailuke.
2. Distrakzioak ekiditeko eta atentzioa guregan jartzeko zer egitea gomendatuko zeniguke?
Arreta mantentzea ezinbestekoa dela kontuan izanda, aukera ezberdinak egon daitezke ahalik eta distrakziorik gutxien egon dadin gelan: aurkeztu beharrekoa era eta soporte ezberdinetan egin, ahozko azalpenak laburtu, ikaslearen inplikazio handiagoa bilatuz, ariketa praktikoak egin, parte-hartzea sustatu, saio dinamikoak eta motibagarriak egiten ahalegindu,…
3. Nola eskaini diezaiokegu laguntza behar izanez gero?
Behar duen laguntzaren arabera izango da baina garrantzitsua da honako hauek kontuan izatea: arreta galaraziko dion edozer, bere paretik kentzen saiatu. Astiro hitz egin eta era pausatuan, aurpegira begiratuz, behar bezala ahoskatuz eta esaldi laburrak erabiliz. Burutuko den zeregina oso modu zehatzean aurkeztu. Batuetan piktogramak erabiltzea ere lagungarria izan daiteke. Normalean eraginkorragoa izaten da ariketa asko baina laburrak egitea, gutxi eta luzeak baino. Kontzentrazio handia eskatzen duten ekintzen artean atseden tarteak egitea ere, lagungarria izaten da.
4. Baten batek ariketan egin nahi ez baditu nola jokatu genezake berarekin?
Berak egin ditzakeela erakutsiz, bere gaitasunetan sinesten lagunduz eta ariketak eginez gozatuko duela adieraziz. Batez ere, modu atseginean proposatuz eta burutzera animatuz.
5. Beraien artean liskarren bat sortuz gero nola konpondu genezake?
Entzute aktiboaren bidez, beraien tokian jarrita eta enpatia adieraziz, errespetuzko giroa mantenduz eta holako egoerak konpontzeko baliagarriak diren tresnak emanez.
6. Posible ikusten ahal duzu euskal pilota behar bereziak dituzten pertsonak?
Jolasa, ikasten eta gozatzen laguntzen duen tresna hoberenetako bat da. Behar bereziak dituzten pertsonei, jolasa zertan datzan ulertarazteko gai baldin bagara, errazena gustura parte-hartzea izango da eta ondorioz, kide guztien arteko giro atsegina lortzea.
7. Zein motatako ariketak egitea gomendatuko zeniguke? Betiere helburua inklusioa dela kontuan hartuz?
Ulertzeko eta praktikan jartzeko errazak direnak. Motibagarriak eta dibertigarriak direnak. Kooperazioan oinarrituta daudenak ere, egokiak izan daitezke; eta batez ere, denok talde bereko partaide garela sentiarazi ahal dutenak.
8. Ze traba edo zailtasun ikusten diozu 50 ikasle inguru talde berean sartzeari? Kontuan hartuta beraien artean down sindromea duten ikasleak eta arazorik gabekoak egongo direla.
Hain talde handia izanik, denen arreta erakartzea ez litzateke erraza izango; beraz, mezua denengana heltzea konplikatua litzateke. Honen ondorioz, ekintzak era egokian burutu ahal izatea ezinezkoa litzateke eta motibazioa gutxituko litzateke.
9. Zein ikasle kantitate uste duzu dela egokia bai talde batekoak zein bestekoak denek ondo jardun dezaten?
Zenbaki zehatza esatea zaila da, behar bereziak dituzten ikasleen gaitasuna, autonomia maila, jarrera, e.a…. oso ezberdinak izan daitezkeelako. Egia da, zenbat eta talde txikiagoak izan, errazagoa dela norbanakoari eman beharreko arreta eman ahal izatea.
10. Posible ikusten ahal duzu denek ondo pasatzea inklusio saio honetan?
Bai, noski. Aldez aurretiko jarrera onarekin, seguru denek gozatuko dutela eta esperientzia atsegina biziko dutela.